TXOSTENA
3. eta 4. mailako talde batean egon naiz. Amara Berri sistema izatean, maila ezberdineko umeak elkartzen dira aniztasuna lortzeko. Beraz, 2. zikloan egon naiz. Eskolan soilik D ereduan irakasten da eta ez dago beste posibilitaterik.
Nire gelan 21 ume daude 8 eta 10 urte bitartekoak. Horien artean, mutil bat hiperaktiboa da, medikuak tratatua. Beste bat kanpotarra da baina oso ondo lortu du integratzea eta hizkuntza ikastea. Beste ume bat lehenengo hiruhilabeteak Badajozeko herri baten bizi izan ditu eta handik oso txosten onak ekarri ditu baina errepikatu eta gero ere, 3.mailan ez dakizki kenketak burutzen. Oso atzerapen handia dauka bere ikaskideekin konparatuz gero.
Obrak direla eta, 2.zikloko umeak ikastetxe alboko institutuan daude. Han euren sistema egokitu behar izan dute, daukaten espazio murritzaren arabera. Aldaketa hau dela eta, arlo batzuk ezin dira aurrera eraman. Hoien artean bat Irrati/Telebista arloa da. Espazio murritza izan arren, beste arlo batzuetarako egokitzea lortu dute, hauen adibide, Komertzio edo Ikerketa bezalako arloak dira.
Komertzioan, umeak matematika eguneroko bizitzara transladatzen dute. Gela lau zatitan banatzen da; bertan daude, dendariak, langileak geroxeago erosleak direnak, lantegiko ugazabak eta banketxeko arduradunak.


Denek funtzio zehatza dute, autonomoak dira baina aldi berean, bata bestearen laguntza behar dute txoko guztiak ondo funtzionatzeko. Baliabide moduan, txoko honetarako benetako dirua (Kartoizko euroaren txanpon eta bilete guztiak dituzte) erabiltzen dute, produktuak marraztu egiten dituzte langileek eta eskaera orriak dituzte salerosketak burutzeko. Lanik gabe geratzen direnean, produktuak egin dituztelako (langileak) edo bankura inor ez doalako eta aurrezki fitxa guztiak beteta dauzkatelako edota denda itxita daukatelako, kontularitza fitxak egiten dituzte. Fitxa hauetan, matematikako ariketak daude, eragiketetan erraztasuna lortzen joateko. Esaterako, buruzko kalkuluak lantzeko ariketa asko daude.
Bestaldeko arloetan, lan metodoak dituzte, txoko bakoitzeko lana deskribatzen dituena. Baliabide moduan ez daude liburuak fitxak baizik. Fitxa hauetan andereñoak euren erritmora uzten die aurreratzea. Momentu batean, andereñoak ikusten badu umea oso atzeratua dagoela, arreta deitzen dio eta etxerako lan moduan egin behar duela aginduz.
Ikasle guztiak, lehenengo ordu erdian, hau da, 9etatik eta 9:30ak arte, tutorearekin daude eta bertan atzeratutako lanak egiten dituzte. 9:30etatik eta jolas ordura, bi arlo dituzte 50 minutukoa bakoitza. Jolas ordutik eta jan ordura arte, arlo bakarra dute ordu batekoa. Bestalde, arratsaldean bi klase daukate 45 minutukoa bakoitza.
Gelako giroa ez da txarra orokorrean. Oso partehartzaileak dira irakasleak proposatutako ariketa eta ekintzak burutzeko; betiere kontuan izanik umearen iniziatiba eta gogoa. Talde moduan, ordea, ez daude hain elkartuak. Asko igartzen da 3. eta 4. mailako ikasleen artean, gehienbat nesketan. Mutil ia denak nahiko elkartuak daude baina gero lan egiterako orduan, oso autonomoak dira. Nesken kasuan, alderantzizko egoera gertatzen da. 10 neska bakarrik izateko, talde txikitxoetan banatzen dira. Badaude neska pare bat euren kabuz ibiltzen direnak, integratu gabe. Lan egiterako orduan, ordea, laguntza gehiago eskaintzen dute euren ikaskideei. Azken gauza hau oso garrantzitsua da sistema honetan, txokoetan lan egiten dutelako eta taldeko lana erabat bultzatzen delako. Irakasleak ere parte hartzen du ikasleen arteko harremana sendotzeko baina kasu batzuetan ezinezkoa egiten da ume bakoitzaren izaera dela eta.
Ikasturte hasierako lehen bi asteak, hau da, iraileko hilabetea, normalkuntza prozesuan sartzen dira bai ikasle bai irakasleak. Ikasleek urte horretako norabidea ikusi eta ikasi behar dute eta horretarako duten baliabideak erabiltzen ikasteko prozesua ematen da. Irakasleen aldetik, sartzen diren barriak, sistemaren norabidea ikasi behar dute gero, normalkuntza prozesu horretan ikasleei erakutsi ahal izateko. Normalkuntza prozesu horretan ikasleen arteko harremanak bideratzen dira. Talde aldatzen dute urtero eta ikaskide berriekin ikastera moldatu behar dute. Ziklo bakoitzeko 2. mailako ikasleei errazago ematen zaie integratzea kurtso barriko ikaskideekin, ziurtasun handiagoa dutelako kurtsoarengan eta kurtso horretako nagusienak direlako.
Sisteman desagertu egiten da “gelako irakasle” nozioa; izan ere, irakasle bakoitza
Departamentu batean espezializatzen da. Honetan zenbait testuinguru egonkor daude, eta ikasle taldeak aldian-aldian igarotzen dira horietatik.
Metodologi sistema komun bat behar du: IHP, IIK eta irakasle guztien lana artikulatuko duen antolaketa egitura bat. Honetatik esku-hartzeko diseinu komun bat ondorioztatzen da, talde-lanean jardutea eta estrategia komun batzuk garatzea eskatzen duena.
Ikasleen jarraipen zehatzago eta kontrastatuagoa egitea ahalbidetzen du, zeren eta ikasleek aukera baitute irakasle gehiagorekin hartu-emanak izateko, eta baita bere nortasunaren alderdi gehiago erakusteko ere.
Irakasle guztiak talde-lanean ari direnean sortzen den antolaketa-egiturak hainbat gauza ahalbidetzen eta bultzatzen ditu, hala nola:
· Programen diseinuan eta hauetan sakontzeko moduetan (mintegiak, paraleloak, zikloak...) aberastasun handiagoa.
· Espezializazio handiagoa: departamentu gutxiago-ikasle gehiago.
· Ikasleen jarraipen zabalago eta kontrastatuagoa (sektorea)
· Irakasle berriak bizkorrago integratzea eta bere ekarpenak lehenago eta errazago eskaini ahal izatea.
· Ikastetxean funtzionamendu eta prestakuntza esparru egonkorrak izatea.
Prozesua planifikatzerako orduan, irakasleak departamentuetan, zikloetan eta paraleloetan banatzen dira, astean ordu zehatz batzuk izanik.
Departamentuak hainbat zeregin burutzen direneko guneak dira; zeregin horiek guztiak bizi-jarduera jakin batekin loturik daude, eta jarduera horren inguruan zenbait testuinguru egituratzen dira; testuinguru horietan, ikasleak irakasleekin eta beste ikasleekin harremanak ezartzen ditu. Xedea ikasleak motibatzera eta beren jarduera autonomo eta borondatezkoa indartzera bideratutako zenbait helburu lortzea da.
Zikloen egiturarekin
adin ezberdineko ikasleak biltzen dira, aniztasuna areagotzeko eta gizarte elkarrekintza bultzatzeko, banakotasunaren printzipioa eta ziklo programekiko lana – mailakako programak baino zabal eta aberatsagoak uztartuz.
Ikasleak Ziklo bateko Departamentu ezberdinetan taldekatzeko irizpideak era askotakoak dira: sexua, adina, kultur maila, eta abar; helburua aldi berean askotarikoak eta osagarriak diren unitateak moldatzea da.
Paraleloak deitzen dira ziklo bardineko bi departamentuen irakaslegoaren batzarrari non arlo bardineko irakaslegoa batzen den. Bertan, kurtsoaren norabidea eta erritmoa zehazten den.
Mintegiak irakasleen antolaketako egiturak dira, non irakasgai, diziplina edo eremu bakoitzeko curriculuma zehazten baita. Mintegietan diziplina jakin batekin zerikusia duten irakasle guztiek parte hartzen dute. Mintegia koordinatzaile batek koordinatzen du.Mintegiaren xedea ziklo edo etapa ezberdinetan eremu bat ebaluatzeko eduki, helburu eta irizpideak koordinatu, garatu eta ordenatzea da.
Ebaluatzeko orduan, irakasle bakoitzak berak emandako irakasgaiaren arabera ebaluatzen du ikasle bakoitza. Hasieran, bakarko lana da, non irakasleak ikusten duen umearen maila, aurrerapenik edo geldialdirik izan duen, gaiarekiko jarrera, gaia ekoiztu eta garatzeko era, materiala manipulatzeko modua… Gauza guzti horiek kontuan hartu eta gero, irakasleak sektoreka biltzen dira eta ebaluazioa aztertzen dute. Hemen ikuspegi desberdin bi kontuan hartzen dira, ebaluazioa ahalik eta zehatzena izan dadin. Ebaluatu eta gero, ikaslearen gurasoekin hitz egiten da (ez kasu guztietan) umearen hezkuntz prozesua erakusteko eta bere ebaluatzeko era azaltzeko.